Asteburuan, EIZIEk itzulpengintza-teoria garaikideez antolatutako ikastaro batean izan gara Donostian. Ibon Uribarri irakasleak gidatu gintuen 1960ko hamarkadatik gaurdainoko ibilera zirraragarri batean.
Itzultzearen definizioa nola mudatu den da bidaia horren erakusgarri. Niri, etxerakoan, definizio xalo hau otu zitzaidan:

Itzulpena zer den erraz da ulertzen, zientzia-fikzioaz baliatuz gero. Har dezagun itzulgai bat: bost orrialdeko txosten burutsu bat, esaterako. Ama-zelulak atera diezazkiogun egileari, eta sor dezagun haren klona. Itzultzaileak jatorrizkoaren egilearen herentzia genetiko bera izango du, horrenbestez.
Hurrena, baldintzapenen mekanika edo makinan sartuko dugu: gizarte-ingurune bera izan dezan; ikasketa berak egin ditzan; nahitasun berak, porrot berak, lorpen berak, lan berak… fortuna dakizkion; horiek guztiak, xede-hizkuntzan.
Dena ondo atera dela egiaztatzeko, masaileko bat emango diogu klonari, eta jatorrizkoaren jokabidearekin alderatuko. Ordenagailu bat emango diogu, eta zer txosten idatzi behar duen aginduko (horren premiarik ere ez da izango, haren nagusiak egingo baitu lan hori gure partez). Jatorrizkoaren premiarik gabe beteko du bere lana.
Hala eta guztiz ere, litekeena da hori guztiori alferrekoa izatea, klonak gau horretan lo gaizki egin duelako, lanerakoan istripua izan duelako autoarekin, gosariko torradak erre zaizkiolako, maitalea goizean goizik maite eske hasi zaiolako…
Eta, hala ere, beharbada… beharbada, hartzaileak ere klonatu beharko genituen, edo gizarte paralelo bat sortu. Klon, klon, klon… bihar da Gabon.
Itzulpena ez baitago ulertzerik hauek kontuan izan gabe: kultura, gizartea, garaia, generoa, komunikazioa, estiloa, hartzailea, igortzailea, eta inguruabar abartsuak. Dena buru-eragiketa bakarrean.