Etorkizuneko jendeari

Gaurko sasoi honetarako goibururik aukeratu behar bagenu, nik, ezbairik gabe, Bertolt Brecht-en harako hura hautatuko nuke.

Aro hitsetan bizitzea suertatu zaigu! («Etorkizuneko jendeari», itz.: Joseba Sarrionandia)

Egi-egiaz, aldi illunetan naiz bizi. («Geroko gizonei», itz.: Santi Onaindia, «Igotz»)

Nik, damurik, ez dakit alemanez, eus-es-en-pt laukotearekin ibiltzen bainaiz soka-saltoan. Hala ere, utz dezagun jatorrizkoa alde batera, bi itzultzaileak ere gaztelaniatik abiatu ziren-eta («Verdaderamente, vivo en tiempos sombríos»). Ikusiko dugunez, bistan da mami ugaria dutela bertso-lerro horretako itzulpen-aukerek.

Sarrionandiak aro izena aukeratu zuen, historiaren aldiei erreferentzia argia egiten diena (aro garaikidea…), eta, bestetik, hits izenondoa erantsi zion, malenkoniaren kolore sortakoa. Aditza ere ez da hutsala, suertatu, suertearen, zoriaren durundia baitakar. Olerkiaren izenburuak ere badu zer aipa: jendea ageri da, generorik gabekoa, hierarkiarik gabekoa, gizataldea, zu eta ni. Etorkizuna ere ez da falta: «Poesia etorkizunez kargaturiko arma bat da» (Gabriel Celaya).

Onaindiaren itzulpenari, ordea, elizaren usaina dario. Egia aipatzen da, ñabardurarik gabe, erabateko. Hurrena aldia dator, liturgia alditan banatuta baitago, eta, gero, ilun izenondoa, ilunpeak infernuak baitira, jainkoaren argiaren ifrentzu. Poemaren izenburuan, berriz, gizonak baizik ez dira aipatzen, arrak, eta etorkizuna geroa da, gerotik gerora ez ibiltzeko gomendatu zigun haren testuetan bezala.

Eta bada nabarmentzeko moduko beste alde bat, zinez zirraragarria: Sarrionandiaren itzulpenean gu gara, guri suertatu zaigu; Onaindiarenean, berriz, ni naiz bizi dena, gaztelaniazkoan bezala. Elkartasun halako bat aldarrikatzen du iurretarrak, gogoz bestera etorri zaigun kalte baten jiran sortua: hala suertatu zaigu guri.

Materialismo historikoa vs Ebanjelioak.

About these ads

5 erantzun “Etorkizuneko jendeari” postean

  1. Ejem… eta ezin liteke izan literaltasun/ez literaltasun kontu bat (hau da, itzulpenari eta fideltasunari buruzko teoria eta jarrera desberdinak )? Edo, areago, ezin liteke izan iturri desberdinetatik itzuli izana? Nik ere ez dakit alemanez, baina interesgarria litzateke jakitea ea Sarrionandiak alemanetik egin zuen. Onandiarena, argi dago, gaztelaniazkoaren itzulpen literala da, bai egiaren aipamena, bai aukeratutako pertsona gramatikala eta bai adjektiboa.

  2. Hala izan liteke, Ana, baina, Aiora Jakak bere tesian erakutsi zuenez, Sarrionandiak gaztelaniaren bidetik egin zituen bere antologietako itzulpen gehienak, frantsesezkoak eta ingelesezkoak izan ezik. Litekeena da Brechten lanen beste itzulpen bat egotea gaztelaniaz, baina, ustez, estekako hori da kanonikoena.

    Onandiaren txatalean, esaterako, “egi-egiaz” ageri da, nahiz “verdaderamente” hori besterik den: “bistan da”, “ezin uka”, “benetan ere”… Nik halako ñabardura bat sumatzen dut horretan.

  3. Egun on Roque eta Morales jaun andreok.
    Bada beste itzulpen bat olerki horren hasierarena. Arestik egina eta bizirik zela argitaratu gabea:

    Egiazki egun goibeletan bizi gara

    Egiazki egun goibeletan bizi gara.
    Beste gabe hitz egitea zorakeria da.
    Bekokian zimurrik ez duenak ez du sufritu.
    Barre egiten duena ez da oraindik notizia izugarriaz
    enteratu, ez zaio halakoari oraindik heldu.
    Gaur egunean arbolez hitz egitea bera bidegabea da,
    bien bitartean hortik gertatzen den hainbeste
    sufrimendu isiltzen baitugu.
    Gabriel ARESTI [1972-04-26an idatzia] Literatura lanak 5, Poesia argitaragabea. Azken poesia, Susa, 1986 Donostia.

    Brechti egin zion gorazarre alimalekoaren poemako bigarren ataleko aipua da hau. Poemak berak merezi du. Oso polemikoa egun ere, bai Bigarren Mundu Gerraz dioenagatik baita Brechti buruz Arestik egiten duen irakurketa finagatik.

    Horrez gain Elena Martinezek alemanetik itzuli zuen poema hau 2010ean eta 2011an argitaratu genuen EuskAlemakook beste zenbait poemekin batera. Honatx bertsioa:

    Gerokoei
    I
    Zinez dira ilunak bizi naizen garaiok!
    Eroak dira hitz zintzoak. Zimurrik gabeko kopetak
    sorgortasuna baino ez du adierazten.
    Irripartsu dabilenak ez du oraindik
    berri lazgarria jaso.

    Zein motako garaiak dira hauek,
    non zuhaitz bati buruz hitz egitea
    ia krimen bilakatu den,
    hainbat itsukeriaren isiltzea
    berekin dakarrenez.
    Karrikan barne lasai dabilen horri,
    oraindik hurbildu ahal zaizkio
    laguntza eske lagunak?

    Egia da: ene mantenua atera dezaket.
    Baina sinets iezadazue: txiripa hutsa da hau.
    Egiten dudanak ez dit sabela asetzeko eskubidea ematen.
    Zori hutsagatik libratu naiz-eta. (Ene zoria aldatuz gero, nireak egin du).
    Halaxe esaten didate: jan eta edan eta poztu zaitez,
    zer hartu badaukazulako.
    Nola jango dut ordea,
    jaten dudana gose denari kentzen badiot,
    nola edango, egarri denak
    ur edalontzi honen beharra duenean?
    Hala ere, jan eta edan egiten dut.

    Zuhurra ere izan nahi nuke.
    Liburu zaharretan jartzen baitu zer den zuhurra:
    munduko gatazketatik urruntzea,
    bizialdi labur hau beldurrik gabe igarotzea,
    ankerkeriarik gabe moldatu
    eta gaiztakeriaren ordainetan, ona izatea,
    nahiak bete ez, ahaztea baizik.
    Hori guztia nik ezin:
    Zinez dira ilunak ene garaiok!

    II
    Istiluen garaian heldu nintzen hirietara
    gosea nagusi zelarik,
    matxinadan iritsi nintzen gizakien artera
    eta beraiekin batera asaldatu.
    Horrelaxe igaro zen
    lurrean emana zitzaidan bizialdia.
    Gudaldien artean jan nuen jatekoa,
    hiltzaileen artean oheratuz.
    Arretagabe maitatu nuen eta
    naturari, astirik gabe begiratu.
    Horrelaxe igaro zen
    lurrean emana zitzaidan bizialdia.

    Lokatzara eramaten zuten karrikek ene garaian.
    Hiltzailearen aurrean, hizkerak saldu ninduen.
    Gutxi zen egin nezakeena. Baina agintariak
    hobe zeuden ni gabe,
    hauxe nuen itxaropen bakarra.
    Horrelaxe igaro zen
    lurrean emana zitzaidan bizialdia.

    Ene indarrak urriak ziren,
    helburua berriz, urrun-urrun.
    Eta begi-bistan izanda ere,
    ia eskuraezina niretzat.
    Horrelaxe igaro zen
    lurrean emana zitzaidan bizialdia.

    III
    Zuek,
    gu hondoratu garen uholdeetatik
    azaleratuko zareten horiek,
    oroit zaitezte libratu zareten garai ilun honetaz.
    gure ahuleziaz hitz egingo duzuenean.
    Oinetakoak baino maizago
    aldatu baikenituen lurraldeak,
    klaseen arteko borroketan barne,
    erabat etsita
    bidegabekeria besterik ez zegoenean
    eta asaldurarik ez.

    Jakin badakigu:
    doilorkeriarekiko gorrotoak ere
    desitxuratzen du aurpegia.
    Bidegabekeriaren kontrako haserreak ere
    hondatzen du ahotsa.
    Ai, maitasunerako bidea
    prestatu nahi genuenok
    ezin izan genuen maitagarriak izan.

    Zuek alabaina, gizakiek elkarri
    lagunduko dioten garaia datorrenean,
    oroit zaitezte gutaz,
    gupidaz.

    *
    Azkenik.
    Elizaren usaina diozu. Ez dakit despektiboki ala ez. Baina, edozein kasutan, Brechtek berak erabateko lotura du tonu bibliko zenbaitekin. Salmodia nagusi da, gaizkileak seinalatzen ditu poemetan eta bereziki antzezlanetan (antzezlan didaktikoetan inolako lotsarik gabe), argi du -zalantza argia denean ere- zeintzuk dituen kide eta nortzuk diren basakeriaren erantzule (gu/haiek paradigma da nagusi). 1898ko martxoaren 20an bataiatu zuten Brecht eliza ebanjeliko batean. 1911an erlijioa ikasi zuen konfirmazioa egiteko. 1912an egin zuen konfimazioa. 1914an “Biblia” drama idatzi zuen Die Ernte aldizkarian, garai hartan olerki abertzaleak, narrazioak, literatura iruzkian-eta idatzi zituen. Etabar.
    Beraz, -eta dakigula bera izan da olerki hau eta Brechten beste hamaika itzultzen lehena- oso egokia izan daiteke elizatik datorren hori Bertolt itzultzeko. Cardenal bezalako apaizetara jo gabe, brechtiar aipagarriena akaso, hasieratik dago oso lotua marxismo ateoa erlijio monoteistekin. Jainkoaren errabia zapalduen armadak ordezkatzen du. Zeruko erreinua lurrean ezarri nahi du. Urriko iraultzako abangoardiako askok Talmuda oso presente zuten. Marxen sozialismo zientifikoarekiko defentsa ikusita, utopistekiko erra bortitza, ezin dut ikusi materialismo historikoa eta ebanjelioen arteko talka.
    Izan ongi!

    PS: Brechten gaineko informazio gehiago, oso txukun hemen: Klaus Völker, Crónica de Brecht, datos sobre su vida y obra, 1976 Anagrama, Bartzelona.

    • Itzulpenera hurreratzeko moduen (backgrounden) arteko aurkaritza zen azpimarratu nahi nuena. Aspaldi ikasi genuen itzulpenak deskribatu behar direla eta ez juzgatu.

      Marxismoak ere izan du, jakina, erlijioetatik zer ikasi doktrina zabaltzeko eginkizunetan. Brechten lanetan, bankariak tigre bihurtzen ziren, eta trenetako behargin hilaren andreari ikatza botatzen zioten senarraren lankide izandakoek etxea berotzeko. Biblian, berriz, beste era batekoak ziren antzaldaketak (gatzezko estatuak), eta urrea, intsentsua eta mirra opatzen zizkioten mesias jaioberriari.

      Kontua, beraz, ez da (oraingoan, bederen) zein den itzulpenik egokiena, itzultzaile bakoitzak beretik zer jarri duen baino. Sarrionandiaren pentsamoldeak (sorkuntza-lanetan agerian dena) nolako eragina duen egiteko horretan, eta Onaindiarenean, berdin.

      Mila-mila esker, Hedoi, Arestiren eta Elena Martinezen bertsioak gurera ekartzeagatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s