Egunen batez, irakurri zain dauzkadan liburuen zerrenda erakutsiko dizuet, ea zer hurrenkera proposatzen didazuen. Gaur, berriro ere, damutu zait pilo handi horretako liburu bat zokoraturik izatea: Teun A. van Dijk-en Discourse & Power. Izenburuak ezin argiroago ematen du aditzera zertaz diharduen liburuak, ezta?
Kontua da gaur goizean, autoan Donostiara nindoala, NUPeko irakasle bat hizketan aritu dela Espainiako gobernu berriaren azken neurriez. Zorioneko neurri horietako bat, dakikezuenez, copago izenekoa da. «Izorrai −pentsatu dut neure artean−, beste parte txarreko co horietako bat gure artean»
Hitza ez da berri-berria ere, duela zenbait hilabete Andu Lertxundi maisu maiseatzaileak hartaz hitz egin baitzigun Berriako bere zutabean. Arrazoi zuen Lertxundik: aski buru-hauste bada eufemismo hori euskaratzen. Tankerakoak baditugu euskaraz ere: hezkidetza eta beste. Hala ere, gaztelaniaz erabat zilegi ez den artefaktu hori nola geureganatu?
Van Dijk-en liburua irakurriz gero, zerbait akademikoagoa, jantziagoa, esan nezake, beharbada, odolki horretaz (Lertxundik proposatua da izendazio hori), baina, etxekoentzat ari naizenez, ausartu nadin lañoki aritzen. Copago horrek oso argi erakusten du, bere erabidean, gobernuak herritarrarekin elkarlanean aritu nahi duela; azken batean, hark inoren eskubideak bermatu bai, baina herri xeheak bere betebeharrak ere badituela: hara, ez dituzue sendagaiak osorik ordaindu beharko, geuk ere guretik jarriko dugu-eta.
NUPeko irakaslearen esanetan (gogoan duzue irratian solasean aritu den hura?), ordea, ez da ordainketa hutsa ere, berrordainketa baizik, lehendik Gizarte Segurantzarako dirua kendua baitigute hileroko nominatik. Labur-zurrean esanda, hilean-hilean hainbateko bat ematen ari zara, baina, hala ere, ez dizute halakorik aintzat hartuko. Eta esker oneko agertu behar dugu, siendo copartícipes de ese esfuerzo compartido.
Eta zer egin behar dugu guk? Eufemismoa bere horretan eman, aukera zeinahi dela ere (ko-ordainketa, ordainketa partekatua…), ala porru hori onartu ez eta besterik proposatu (osasun-zerga…)? Nik tarteko bidea proposatzen dizuet: ordainkidetza. Bateko, hitz eragabe estrainioa da, eta, besteko, Osakidetzaren hur-hurrekoa. Ez dakit euskara edo ironiera den, baina.