Gorozika 1937

Gorozika 1937

Ez zara zu, zorionez, 1937ko maiatzean Gorozikako / baserri hartara sartu zena / eta sortetxea, egunsentiko behelainoak desegin orduko, / hondaturik topatu zuena. / Hark ez zekien etxekorik aurkituko zuen, etxean. / Ez zegoela inor ematen zuen, / etxeko txakurra ere ez zitzaion irten bidera / aspaldiko kontentuekin. / Milizianoek utzitako zaborra bakarrik atartean, / atea parez pare zabalik, / ezkaratzean aulkia hautsirik, errautsa barreiaturik. / Kortara sartu zen, / abererik ez kortan, eta han ilunetan zegoela zarata bat / entzun eta tiro egin zuen / goruntz. Hiru zulo egin ziren zurezko sabaian eta / hiru zuloetako batetik hasi zen / odola jausten, irobala gorriaren moduko zorrotada / mehea, bere besagainera, / epela, isilik, eta ez zekien odol hura zerena zen / edo norena.

Horra Joseba Sarrionandiak Eako Poesia Egunetarako berariaz bidalitako poemetako bat. Aitortu behar dizuet testuak zerbait eten zidala barrenean. Iurretako idazlearen beste hiru poema argitaragaberekin batera irakurri zuten larunbat gauean. Poemek beren osoan zenbait aieru ematen zizkioten irakurleari, «irakurri» nahi duenari, gaurko egoera politikoaz (politikaren zentzurik etimologikoenean).

Ez naiz poemak azaldu zale. Nire xaloan, uste dut artea ezin dela esplikatu. Aldi berean, ordea, beste zerbaitek esaten dit artea esplikatzeak laguntzen digula oharmena zolitzen, pertzepzioa harago eramaten. Beraz, lehenbizi irakurri poema, eta gero zatozte lerrootara.

Poemak aurrenik gertutasuna dakarkit, lurraren usaina eta potxingoetako txipli-txapla. Ez ditut alferrik eman ene mundualdiko ia hogei urte inguru horretatik hurbil. Gorozika, Muxikako auzunea, Gernikaren eta Zornotzaren arteko zirkunferentziaren erdigunean dago, eta ni bi herriotan ibili naiz gaztaroaren puskarik handienean.

Eta orduan, denbora ageri da, 1937ko maiatza: gerra zibila, Espainiako gerra, 36ko gerra, eta… Gernikako bonbardaketa. Sarri ibilitako estratak dira horiek, ezagunak, literatura emankorrekoak. Eta baten batek izan lezake errezeloa, lehendik irakurria duen zerbait irakurri beharko ote duen berriz. Oraindik ez dago erantzunik.

Eta hasieratik, oharra: zu ez zara baserri hartara sartu zena. Alegia, ez dakizu zer den hori; zeure egin dezakezu kontaera, baina inoiz ezin ulertuko duzu benetan nolako hondamendia den poema hau; ez, behintzat, pertsonalean, gizatasunik sakonenean, nahiz sentimendu kolektiboaren parte izan daitezkeen gerrako pasadizo hauek (zutaz dioena bere buruaz ere dio poetak).

Sortetxera iristean, behe-lainoa desegiten da, misterioa, zer aurkituko duen, baina poetak berehala esaten digu: ez dakit zer izango den, baina, aizue, jakizue etxea lurrarekin berdinduta aurkituko duela.

Eta, orduan, lehengo ohiturak urraturik ageri dira: txakurra ere ez zaio bidera ateratzen, agidanez ez dago inor etxean. Ez da egoera arrunta. Gerraren ondorenak baizik ez daude: milizianoen zaborra (gerrak ez du txukuntasunerako tarterik uzten), atea zabalik (ate bortxatua?), aulkiak hautsirik (ezin atseden hartu, ezin elkarrekin eseri), errautsa zabaldurik (beheko suaren epeltasuna zikinkeria bihurturik). Eta pasarte horrek txinpartak eragin dizkit. Ez al da gaurko egoeraren ispilu, hein handi batean? Ez al dugu hala etxea?

Eta pasarte horretarako bidean eta bertan, ezkaratz eta atarte hitzek areagotu egin didate etxekotasuna, niretzat ezkatz eta etarte diren arren, baina, gisa berean, zabor, sortetxe eta beste hitz batzuek eutsi diote literatura orok beharrezko duen arrozte horri.

Eta tentsio dramatikoak jarraitzen du, kortan, kortaren ilunean. Begiek ikusi ez, baina belarriek bai entzun. Eta bet-betan. Hiru tiro gora. Entzun eta tiro egin. Tartean ez gogoetarik, ez hitzik, ez hasperenik, ez dardarizorik. Hiru tiro, goruntz; nik gorantza.

Eta…

Eta odola jausten hasten da, inpentsan botatako tiroek egindako zuloetatik. Zergatik hiru tiro? Pin-pan-pun (manifestazioetako harako halako entzun… haiek al dira?). Eta tiro egin duena zipriztindu… ez, zipriztindu ez, burutik behera, turrustan, blaitu egingo du odolak; irobala (listari) batekin lotuko du, berotuko du, behe-lainoko hotza kenduko eta epelduko.

Eta zirraragarriena, misterio hori. Nor hil dituzte tiroek? Familia, milizianoak, faxistak (izan herriko, izan italiar, izan mairu)…? Ez dakit. Poetak ere ez daki. Zer hil duten ere ez daki: bake-nahia, gerra, etsaia, goiza…

Sarrionandiak berak esana da gerra hasten denean egia dela lehena atetik ateratzen, alde egiten.

Poema hunkigarria da, zinez eta minez.

Etorkizuneko jendeari

Gaurko sasoi honetarako goibururik aukeratu behar bagenu, nik, ezbairik gabe, Bertolt Brecht-en harako hura hautatuko nuke.

Aro hitsetan bizitzea suertatu zaigu! («Etorkizuneko jendeari», itz.: Joseba Sarrionandia)

Egi-egiaz, aldi illunetan naiz bizi. («Geroko gizonei», itz.: Santi Onaindia, «Igotz»)

Nik, damurik, ez dakit alemanez, eus-es-en-pt laukotearekin ibiltzen bainaiz soka-saltoan. Hala ere, utz dezagun jatorrizkoa alde batera, bi itzultzaileak ere gaztelaniatik abiatu ziren-eta («Verdaderamente, vivo en tiempos sombríos»). Ikusiko dugunez, bistan da mami ugaria dutela bertso-lerro horretako itzulpen-aukerek.

Sarrionandiak aro izena aukeratu zuen, historiaren aldiei erreferentzia argia egiten diena (aro garaikidea…), eta, bestetik, hits izenondoa erantsi zion, malenkoniaren kolore sortakoa. Aditza ere ez da hutsala, suertatu, suertearen, zoriaren durundia baitakar. Olerkiaren izenburuak ere badu zer aipa: jendea ageri da, generorik gabekoa, hierarkiarik gabekoa, gizataldea, zu eta ni. Etorkizuna ere ez da falta: «Poesia etorkizunez kargaturiko arma bat da» (Gabriel Celaya).

Onaindiaren itzulpenari, ordea, elizaren usaina dario. Egia aipatzen da, ñabardurarik gabe, erabateko. Hurrena aldia dator, liturgia alditan banatuta baitago, eta, gero, ilun izenondoa, ilunpeak infernuak baitira, jainkoaren argiaren ifrentzu. Poemaren izenburuan, berriz, gizonak baizik ez dira aipatzen, arrak, eta etorkizuna geroa da, gerotik gerora ez ibiltzeko gomendatu zigun haren testuetan bezala.

Eta bada nabarmentzeko moduko beste alde bat, zinez zirraragarria: Sarrionandiaren itzulpenean gu gara, guri suertatu zaigu; Onaindiarenean, berriz, ni naiz bizi dena, gaztelaniazkoan bezala. Elkartasun halako bat aldarrikatzen du iurretarrak, gogoz bestera etorri zaigun kalte baten jiran sortua: hala suertatu zaigu guri.

Materialismo historikoa vs Ebanjelioak.

Maitasun barregarriak

Dakizuenez, azkenaldian Pessoaren poemak euskaratzen ari naiz (horietako batzuk dagoeneko Xerezaderen artxiborako grabatu dituzte). Lobo Antunesen arnasaldi luzeko lanerako aringarri bikaina da, batetik, poesia esker hobekoa delako eta, bestetik, berehalako fruitua ematen duelako. Ariketa aerobikoagoa da, jakina, trinkoagoa, baina ordu gutxiren buruan ematen du eman beharrekoa, on nahiz txar.

Gainera, badirudi argitaletxe batek interesa duela, edo izan dezakeela, antologia hori plazaratzeko. Beraz, itzulpenari azken ukituak emateaz gainera, Pessoaren biografiak irakurtzen (batzuk berrirakurtzen) hasi naiz, poesia-bildumari dagokion atarikoa atxikitzeko.

Gaur, beraz, handik ekarriko dizuet ariketa interesgarri bat, poema berak nolako itzulpenak ekar ditzakeen aztertzeko. Horretarako, «Todas as cartas de amor são ridículas» poema ezaguna aukeratu dut, lehendik bi poeta bikainek (Sarrionandia eta Markuleta) euskaratua baitute. Ohartuko zaretenez, baina, Sarrionandiak ez zituen ahapaldi guztiak euskaratu.

Blogak ez du erarik ematen zutaberik egiteko; beraz, PDF batean erantsi dizkiot sarrera honi testuak. Bi alderdi nabarmendu ditut dokumentuan:

  • portugesez ahapaldien erremate den ridículas izenondoa (lodiz)
  • esdrúxulo izenondoaren ordainak (azpimarraz)

Iruzkinak, beti bezala, zuen kontu. Bide batez: ez al dizue olerkiak gogora ekarri Kunderaren harako Amodio barregarrien liburu hura?